XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) gizon oso zahar bat zegoen erdi lotan sonbreru zuri baten azpian.

Laurogei urtetik gora bota nion nik lehenengo begiratuan.

Hautsez betetako plastikozko lore hori eta zatar batzuek edertu nahi zuten mahaian eseri nintzen, bertan zeuden botila huts batzuk baztertu ondoren.

Kafearekin batera, erdilotan egondako agurea etorri zitzaidan, neure mahai berean esertzeko baimena eskatuz.

Baietz esan nion nik, bai bainekien kafea hartu eta ziztu bizian irtengo nintzela handik errepidera, ordura arte sekula edukitako aukera profesionalik onena betetzera.

Gainontzean, Don Armando, Tulum, POSTWORK, kamerak eta abarrekin, ederra kakanahastea sortu behar nuena.

Alajaineta.

Hurbildu zitzaidan, beraz, bai hurbildu ere, gizon zahar hura.

Hanka-hutsik zebilen arren, dotorea ematen zuen: guayabera antzeko alkandora zuria zeraman soinean.

Buruan benetako Panamá sonbrerua.

Ezkerreko eskuan, tatanbé adar zuzen eta lehor batez egindako eskumakila, karey dortokakume baten oskolaz egindako heldulekuduna.

Izena Nikolas zuela aitortu zidan beste ezer baino lehen eta Xtabentum kopakada bat ordainduko ote nion galdetu zidan ondoren.

Horri ere baietz erantzun nion, neu ere izenez Nikolas bainaiz eta grazia egiten baitu ustez norberarentzat bakarrik asmatutakoa den izena, beste norbaiti ere badagokiola jakiteak.

Zer esanik ez, gainera, hain paraje galduetako Matusalen zahar bat baldin bada izen berorren jabea.

Nik betidanik izan ditut gogoko digestive tankerako likoreak eta Xtabentuma horien artekoa da.

Txetumalen dastatu ahal izan nuen estreinaldikoz: anisa eta eztia nahasiz egindakoa izaten da, logure apur bat ematen duen arren urdailerako bikaina, (...)